top of page

AHIDAren 25 urteurrenaren ospakizuna


Celebración 25 aniversario AHIDA

Apirilaren 27an, Bizkaian ADHN duten pertsonen elkartearen (AHIDAren) 25. urteurrena ospatu zen Puente Colgante Boutique hotelean. Ospakizunari hasiera emateko, Idoia Londoñok, elkartearen sortzaileak, hitzaldi hunkigarria eman zuen elkartearen hastapenei buruz. Jarraian, Jorge Santosek bakarrizketa barregarri bat egin zuen, ADHN duten pertsonen etxeetan egunero gertatzen diren bizipenei buruz. Ondoren afaldu egin zuten, eta, horren ostean, zonako enpresek eta saltokiek emandako opariak zozketatu ziren. Jai alaia eta hunkigarria izan zen. Hainbat pertsona bildu ziren bertan, era batera edo bestera, elkarteak egiten duen lan garrantzitsua aurrera ateratzeko ardura dutenak.


Izan ere, AHIDA elkartea 537 bazkidek osatzen dute eta bost pertsonako zuzendaritza batzorde batek kudeatzen du, horrez gain, hamar boluntario, kontratatutako bi langile, eta ADHNan adituak diren hamar profesional daude.


Elkartea 1999an sortu zen eta Getxoko Udalak onura publikoko erakunde izendatu zuen 2019an. Helburu nagusia da aditzera ematea arreta defizitaren nahasmendua (ADHN), hiperakbitatearekin edo gabe, , horren adierazpen klinikoak eta diagnostiko profesional batek duen garrantzia. Era berean, sustatu nahi da ahal den eremu sozial guztietan parte hartzea, nahasmendu horrek eragindako pertsonen eta haien familien onurarako neurriak ezartzen laguntzeko. Bestalde, ADHN duten pertsonen aldeko eskubideak defendatzen dituzten proiektu eta jarduketetan parte hartzen du AHIDAk. Horien bidez,  ADHN dutenek gizartean, eskolan eta lanean hobeto integratzeko lanketa egiten da; kideei laguntza eta prestakuntza ematen zaie garapen pertsonala eta gizarte-hezkuntza hobetzeko, eta, gainera, instituzioekin hitz egiten da nahasmendua dutenen onurarako ekimenak sustatzeko. Azkenik, nahasmenduari buruzko azterlan eta ikerketetan parte hartzen du, eta, horri esker, ADHNaren eta horren ondorioen errealitatea mahai gainean jartzen da.


Zorionak AHIDA!

Comentarios


bottom of page